Oraindik orain ari izan gara abelburuen enkanteak egiteko gure plataformak hedabideetan duen oihartzunaz. Eta proposamen hark gaurkotasuna du oraindik gurean. Esaterako, joan den asteburuan, Aiako Testaje zentroan egindako online enkantea zela eta, hainbat komunikabidek, hala nola Cope-k eta ETB-k, ekitaldi haren berri eman dute, eta zeinek bere irratsaioan edo programan ezagutarazi du hurrenez hurren.
ETB 2-ko Qué me estás contando programak gure plataformaren bidez egindako enkatea sartu zuen bere edukien artean, eta haren izaera berritzailea nabarmendu eta garaiotarako guztiz egokia dela adierazi zuen. Aiako Testaje Zentrora etorri ziren bertatik bertara ikusteko eta ikusleei erakusteko online enkante bat nola egiten den. Abeltzainekin mintzatu ziren eta argi utzi zuten teknika horrek nolabait argi egin diola sektoreari. Halaber, enkanteak egiteko modu berri hark dakarren alde ona ere aipatu zen erreportajean, hari esker bisitari-kopurua boskoiztu baita.
Gure kooperatibako kudeatzaile Martin Uriarteri egindako elkarrizketa baten eskutik, Cadena Cope irratian abelburuen Ebay gaiaz ere aritu zen. Elkarrizketa horretan abelburuen enkanteak egiteko sistema berriaren zokoak, parte-hartzaileak edo parte hartzeko modua azaldu zituen, besteak beste. Halaber, enkantean parte hartzen duten arrazen kalitatea nabarmendu zen, baita erosleei horiek dakarkieten balio erantsia ere. Eta LORRAk egoera berri honetan erakutsi duen jarrera baikorra, sektorea bultzatzeko egoera horretara ahalik eta modurik onenean moldatzen saiatzen baikara.