es eu

ANIMALIEN ETA GIZAKIEN ONGIZATEA ESKUTIK DOAZ

Sektoreko profesional garenok gizarteari jakinarazi behar diogu animalia-jatorriko elikagaien ekoizle izatea oso lan duina dela eta balio positiboak dituela. Guztion artean praktika txarrekin amaitu behar dugu.

fotoLIMUSINKontsumitzaileen elkarteek, Europako “lobby” bihurtuta, erosi eta kontsumitu nahi dugunaren inguruan iritziak ematen dituzte behin eta berriro. Janarena oso gai delikatua da, elikatzeko modu edo moda ezberdinen desadostasunez aparte —haragijaleak, barazki-jaleak, gordinjaleak, dieta paleolitikoa, alderantzizko dieta… eta telebistako pertsonaia famatu baten eskutik datozenak—, hazkuntza-metodoari lotutako beste aspektu batzuk daudelako, emozionalak kasu. Artikulu honetan alderdi horri erreparatzen zaio, alegia, sektoreko profesionalek —abeltzain, albaitari edo abeltegietako aholkulari— eta kontsumitzaileek animalien ongizatea hautemateko duten modu desberdinari ematen zaio garrantzia.

Batetik, abeltzainak aspaldi hasi ziren animalien bizi-baldintzak hobetzeko aldaketak sartzen: instalazioak modernizatzen, alderdi sanitarioei arreta ematen; gaixotasunak sendatzen; animalien tratuari, elikadurari eta zainketei erreparatzen… Eta arau berrietara egokitzeko prestakuntza jasotzen eta horiei aurrea hartzen ere. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Administrazioaren aldetik nekazaritzarako jasotako diru-laguntzak ezin eskertuzkoak dira, baina, hala eta guztiz ere, inbertitzaileak ahalegin handia egin behar du sektorean. Gure profesionalek eta administrazioak helburu hori bete nahi dute.

Bestetik, kontsumitzaileok ere animaliak errespetuz tratatu daitezen eskatzen dugu, beharrik gabe sufritu ez dezaten eta bizitza eta heriotza duinak izan ditzaten. Eta erosterakoan praktika horiek bultzatzen dituzten ekimenak aintzat hartzen ditugu.

Ondorioz, praktika zuzenak zeintzuk diren eta zenbateko irismena duten ulertzerakoan desadostasunak sortzen dira. Desadostasun horiek alderdi emozionaletan oinarritzen dira orokorrean, eta hainbat sektorek nahitaez bete beharreko arautzat ezarri nahi dituzte. Horrela, animaliak edo hazkuntza-modu desberdinak “humanizatzen dira, animaliaren etologiari —portaerari—buruz ezer jakin gabe, besteak beste. Kasu horietan ez dago irizpide horiek babesten dituen oinarri zientifikorik. Are gehiago, kontrako efektua eragiten du, gomendio horiek aplikatzean gure animalien bizi-kalitatea lermatzen delako.

Arrazoi horregatik, zientifikoki egiaztatutako irizpideetan oinarritutako ikuspegi zorrotz bat exijitu beharko litzateke, eremu horretan legeak egiteko. Klase politikoak legegintzaren arloan abeltzaintzaren errealitatearekin bat datozen erabakiak hartzeko tresnak eduki ditzan sustatu nahi da, gure komunikabideetan agertzen diren amarruak, askotan egiaztatu gabeak edo ideologizatuak, alboratuz. Abeltzaintzaren sektoreari buruzko albiste negatibo eta puztuek elikagaien kontsumoa murrizten dute, eta horrek eragina du ekonomian. Sektoreko profesionaloi dagokigu (eta bide luzea dugu aurretik) gizarteari animalia-jatorriko elikagaien ekoizle izatea lan duina eta positiboa eta berezko balioak dituela jakinaraztea, eta balio horietan heztea.

Ekoizleak kontzeptu horiek hobetzen saiatzen dira egunez egun, baina batzuetan badira zenbait adibide negatibo, baserrietako ohiko jardunbideak lausotzen dituztenak. Gertaera horiek ezinegona sortzen diete, izan ere, multzo berean sartzen dituzte denak eta sektorearen irudiari kalte egiten diote ezbairik gabe. Horregatik, gu guztion —abeltzain, albaitari, profesional-talde eta administrazio—egitekoa da praktika txar horiekin amaitzea.

Fco. Javier Garro Urruela, LORRA S.C.ren Animalia Ekoizpen Eremuko arduraduna