es eu

BIZKAIKO SAGARDO BERRIA – 2020ko TXOTXAREN AURKEZPENA

Bizkaiak gaur hasiera eman du bere txotx denboraldiari, eta eliteko bi kirolari izan ditu enbaxadore. Australian urrezko hiru domina irabazi dituen Mikel Garcia eta Javier Conde atleta paralinpiarrak kirol bikote perfektua osatzen dute; lana eta ekimenaren  adibide, eurek zabaldu dute ofizialki Bizkaiko lurraldean txotx denboraldia. Javier Condek milaka kilometro pilatu ditu bere hanketan, bost joko paralinpiko urrezko zazpi dominarekin eta zilarrezko birekin. Orain erronka berriei aurre egiten kirolari gazteei aukerak ematen jarraitzen du Saiatu Atletismo Klubean. Mikel Garcia Agirrezabal “Iralako bala” bezala ezaguna, Konde Klubeko kidea da, eta 2019an, Inas Global Games delakoen urrezko hiru domina ekarri zituen Euskadira. “Oso pozik gaude aurtengo sagardoaren enbaxadore izateko gugan pentsatu duzuelako. Oso harro sentitzen gara “, aitortu dute.

Aurkezpena Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian egin da gaur goizean. 400 urte baino gehiago dituen baserria Montorra auzoaren ingurune naturalean kokatuta dago. Erakunde askotako ordezkariak batu dira gaur bertan. Ekitaldian parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua den, Elena Unzueta; Eusko Jaurlaritzatik, Bittor Oroz, Nekazarita eta Landa Garapeneko sailburuordea; Amorebieta-Etxanoko alkatea, Andoni Agirrebeitia eta Bizkaiko Sagardogile Elkarteko presidentea den, Aitor Intxaurraga, besteak beste. Giro ezin hobea egon da gaur Uxarten, kirikoketaren erritmoa bertan ez da falta izan. Denboraldi berriari hasiera emango diote, Juan Zuriarrain enologoak nabarmendu duen bezala, ezaugarri interesgarriak dituen sagardoarekin. “Oso kanpaina ona aurreikusten dugu. Zapore eta usain biziagoko sagardoekin”, aurreratu du Aitor Intxaurraga Bizkaiko sagardo produktore eta ekoizleen elkarteko presidenteak. Hain zuzen ere, Bizkaiko ekoizleek Bizkaiko ehuneko ehun sagarrarekin egindako edari bat sortzeko egiten duten ahalegina nabarmendu da ekitaldian. Era berean, sagardo hau erosten eta dastatzen jarraitzen duten kontsumitzaileen babesa eta fideltasuna eskatu du berriro. “Kontsumitzaileak urtero eskaintzen digun konfiantza ezinbestekoa da lurreko produktu baten aldeko apustua egiten jarraitzeko. Produktu horrek ahalegin handia eskatzen du, baina merezi du, asko baitira hura dastatu eta eskatzen dutenak. Espero dezagun hala izaten jarraitzea, eta gero eta gehiago izatea “, aipatu du Intxaurragak.

2019ko sagar uzta oparoa izan da. Bizkaiko sagardo ekoizleek eurek argitu dutenez. “aurreko kanpaina oso eskas batetik gatoz, eta sagarrondoek indarrak berreskuratu dituzte ekoizpen handiagoa emateko”. Udaberrian izandako euri eta haize eskasia funtsezkoa izan da loraldirako eta sagar ugaritasunerako. Dena den, kanpaina hasiera goiztiarra aurreikusten bazen ere, agronomia kontuengatik ez zen espero zuten guztia aurreratu. Bizkaian, Intxaurragak azaldu duenez, “baikorra” izan da; izan ere, sagar goiztiarrak zuhaitzetik erori ziren eta, horri esker, aurreratuta iristen zen frutaren bahetze naturala egin ahal izan zen: “Sagar ugariko urtea izan arren, espero baino gutxiago bildu da, baina sagarraren kalitatearen alde. Bildutako guztia oso ona izan da”, nabarmendu du Juan Zuriarrain enologoak.

 

  • Bizkaiko Sagardogileen Elkartea osatzen duten 8 artisau-upategiek txotxa irekitzeko ekitaldia ospatu dute gaur.  Javier Conde eta Mikel Garcia eliteko kirolariak izan dira sagardo berria dastatzearen eta Bizkaiko denboraldia irekitzearen arduradunak. Bertan ere, Bizkaiko Sagardogile Elkarteko presidentea den Aitor Intxaurraga, produktore eta sagardogileak ez dira gaurko sagardo festara falta. “Guretzat gaurko eguna garrantzitsua da zeren eta sagardogileek urte osoan egiten dugun lana aurkezten dugu”, aipatu du Bizkaiko Intxaurragak.
  • Kontutan izan beharreko da, Bizkaian, produktore guztiak bertako sagarrarekin egiten dutela sagardoa. “Bizkaian bertako produktua daukagu, ez dugu kanpoko sagarrarekin sagardorik egiten”, zehazten dute Bizkaiko Sagardo elkartetik. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen du gustukoen duen nahasketa. Bizkaian, ekoizpen bolumena 150.000 litrora iritsi da aurten, aurreko ekitaldian baino ia 45.000  litro gehiago. Bizkaiko fruta-arboletan 2019an bildutako sagarrekin aurreko urtean baino alkohol-graduazio gutxiagoko sagardoa egin da, % 6,0 inguru. “Uda lehor eta beroarekin sagarrondoek ez dituzte lortu aurreikusten ziren azukre kantitateak, baina bai taninoetan. Horrek alkohol-kantitate ertain-baxuko sagardoa ekarri du, aurreko ekitaldikoa baino askoz ere gorputz eta lurrin handiagoarekin. “Sagardo berriak oso ezaugarri markatuak ditu. Beste urte batzuetan fruta freskoari egindako aromengatik nabarmendu izan bada, aurten fruta helduagoari egindako aromengatik nabarmentzen da, edalontzietan, kolore hori bizikoak dira, anbar tonalitatean”, deskribatzen du Zuriarrainek. Aurten eduki mikatzagoko eta bilakaera hobeko sagardoak dira botilan, motelagoak, baina iraunkorrak. Dagoeneko botilan eta kupelan kontsumitzeko zain dagoen sagardoarekin gustura agertu dira ekoizleak. “Kalitate handikoa da, eta dituen ezaugarriengatik, urteak aurrera egin ahala garatzen joango den sagardoa da. Asko gustatuko zaigu “, zehaztu du Aitor Intxaurragak.
  • Durangaldea, Busturialdea, Uribe Kosta, Txorierri eta Lea Artibai dira sagardoa egiten duten eskualdeak. Sagarraren kalitateari dagokionez, osasuntsua izan da orokorrean. Bizkaiko Sagardogile elkarteko produktore gehienek komertzializatzen hasi den Euskal Sagardoa ere egiten dute. Sagardoa egiteko erabiltzen den produktuaren kalitatea da bizkaitar ekoizleen berme nagusia. Horregatik, goi-mailako produktua izanik, asmoa da sagardoa lurraldearen irudi bihur dadila, baita euskal turismoaren erakargarrietako bat ere. 2019an, Euskal Sagardo Jatorri Deituraren pean 3 milioi litro ekoitzi dira, 48 sagardotegik eginak hiru lurraldeetan.
  • Bizkaian bost sagardotegik ekoizten dute sagardoa Euskal Sagardoa izenarekin. Sagardo hori ekoizteko 5 milioi kilo inguru erabili dira, 250 ekoizleren 500 hektarea ingurutik jasotakoak. Aitor Intxaurragak azaldu duenez, marka horrek lotura zuzena du Bizkaiko elkartearen barruan dauden egileek urteak daramatzaten filosofiarekin. “Sagardo berria Bizkaitar produktoreek hasieratik defendatu dugun filosofiarekin bat dator. Erabiltzen diren sagarrak bertakoak, bizkaitarrak dira. Pozten gara gipuzkoar sagardogileek bertako sagarren alde egindako apustuaz”. Produktua ikusteko dugun moduan beste urrats bat dela uste dugu. Marka horretatik lan egin dugu beti bertako produktu batetik abiatuta, bizkaitarra. Pozten gara orain Euskal Sagardoa markaren barruan, Gipuzkoatik ere bide hori bera hartu dutelako eta gure herriko fruta-arboletatik jasotako tokiko sagar bat oinarri duen sagardoa merkaturatu dutelako “, nabarmentzen du Intxaurragak.
  • Bizkaiko Sagardo elkartea 1994an sortu zen, eta helburu nagusi hauek ditu: Bizkaiko sagardoa ezagutzera ematea, berezko produktu berezi hori balioan jartzea (Bizkaian ekoiztutako sagardoak baino ez dira erabiltzen), lurraldean egiten den sagardoaren kalitatea nabarmentzea, eta, azkenik, ingurumenarekiko eta baserriekiko errespetua mantentzea eta sustatzea. Oinarri hori hartuta sagardogileek urtero-urtero desberdina den produktu bat garatzeko egiten dute eta gero eta kontsumitzaile leial gehiagoetara hurbiltzeko. Bertako sagardoa da apustua eta bide hori jorratzen jarraituko dute etorkizunari begira. Ahalegin handia egiten ari da produktua kontsumitzaileengana gerturatzeko eta euskararen aldeko ekitaldietan, azoketan eta jaietan ezagutzera emateko. Bertako produktua den heinean, sagardoak Euskadin zehar egiten diren ekitaldi garrantzitsu guztietan parte hartu eta egon nahi du.
  • Amaitzeko, berriz ere azpimarratu nahi dugu une hauetan bide oso garrantzitsua egiten ari garela, tokiko sagarrak eraldatzeari dagokionez. Espero dugu ahalegin honek erakunde eta kontsumitzaileen babes argia jasotzen jarraitzea. Laguntza hori, zalantzarik gabe, kalitate-marka ere izango litzateke gurekin batera bide horretan aurrera egin nahi duten guztientzat. Oraindik lan asko geratzen da egiteko sektorea garai berrietara moldatzeko baina bizkaitar sagardogileek bide horretan buru belarri daude sartuta.

 

HAU DA AURTENGO BIZKAIKO SAGARDOA !!! TXOTX !!

www.bizkaikosagardoa.eus