es eu

GURE BASERRIAK ETA NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN GURE KOOPERATIBAK, FUNTSEZKOAK, OSASUN-LARRIALDIAN HORNITZEN

Gure esker ona eta aintzatespena Bizkaiko Nekazaritzako elikagaien sektoreari.

Egungoa bezalako larrialdi-egoeretan argi eta garbi agertzen da zein diren gure gizarteko eta bizitzako euskarri ordezkaezinak. Ikerketa, osasun-sarea, segurtasuna, gizatalde ahulenei arreta ematea, oinarrizko produktuen banaketa, … Arratsaldero eman ohi ditugun txaloek aintzatespen eta esker on zintzoak bidaltzen dizkiete jarduera haien buru diren pertsona guztiei.

Lorran bildutakook euskarri estrategiko horien artean Bizkaiko lehen sektoreko profesionalek egiten duten lana ere badagoela adierazi nahi dugu. Egoera guztiz ez ohikoa eta larria bada ere, gure baserriek eta nekazaritzako elikagaien gure kooperatibek produktu freskoez eta oinarrizkoez hornitzen gaituzte egunero. Kooperatibei esnea, arrautzak, okela, frutak, barazkiak ematen dizkiete, guk ondoren supermerkatuetako apaletan, azoketan, herrietako dendetan eta online merkatuan aurkituko ditugunak. Produktu horien eta gure ustiategietatik irteten diren kalitate handiko eta gertuko beste produktu batzuen etengabeko hornikuntza izateak duen balioa kalkulaezina da. Gainera, produktu horiek kalitatezko elikadura osasungarri baten oinarrian daude.

Hemendik, gure gorazarrea eta esker ona eman nahi dizkiegu egunero Bizkaiko nekazaritzako elikagaien sektorea mugitzen duten pertsona horiei, eta adorea eta indarra bidali, beren lana egiten jarrai dezaten. Gizarte bizkaitarrari gonbit egiten diogu aintzatespen horrekin bat egiteko, aukera duen lekuan. Eta lan hori gero eta errespetatutagoa izaten eta duin bihurtzen laguntzeko, Bizkaiko “jaki-toki” ez ezik, gure lurraldeko, gure herrietako eta bizimodu jasangarri baten zati bereizezin ere.

Ildo horri eutsiz, bat egiten dugu Munduko Landa Foroak munduko familia-nekazari guztiei egindako aintzatespenarekin, jarraian adieraziko dugun deklarazio honen bidez:

ESKERRAK, MUNDUKO FAMILIA NEKAZARI GUZTIEI!

Krisialdia badago ere, familia-nekazariek eta beren kooperatibek elikagaiak ekoizten eta hornikutza bermatzen jarraitzen dute.
Sektore estrategikoa da eta, hortaz, familia-nekazaritzak gizartearen merezitako aintzatespena eta politika publiko egokiak hartu behar ditu.
Erosi bertako produktuak, erosi familia-nekazaritzako produktuak. Lagun diezaiegun jaten ematen digutenei.

Munduko Landa Foroan dihardugunok, lehen-lehenik, pertsona maite bat galdu duten familiei doluminak eman nahi genizkieke eta gure indarra eta elkartasuna bidali birusaren aurka borrokatzen jarraitzen duten guztiei.

Beharbada, lehentasun batzuez gogoeta egiteko unea ere bada. Covid-19 birusak mundu guztian ustekabean eragin duen krisiak, lana ulertzeko modua, osasuna, elkartasuna, klima-aldaketa, globalizazioa eta, azken finean, bizitza aldatu egingo ditu seguruenik. Krisialdiak, segur aski, gure osasuna zaintzeak eta gure herrialdeetan osasun-sistema sendoa eta unibertsala izateak duten garrantzi itzela nabarmenduko du. Ziur aski, krisiak gure elikadura eta, hain zuzen ere, gure azoketan, dendetan eta supermerkatuetan elikagai osasungarriak eta kalitatezkoak inoiz ez faltatzeko beharra gehiago baloratzera bultzatuko gaitu. Nahiago genuke behingoz ulertuko bagenu elikagaiak, batez ere, egunero oso baldintza kaskarretan lan egiten duten, gutxik aintzat hartzen dituzten eta politika eskasek babeste dituzten 2.500 milioi familia-nekazarien lanari esker daudela. Nahiago genuke ulertuko bagenu familia-nekazaritza sektore guztiz estrategikoa dela biziraupenerako eta munduko edozein herrialde garatzeko. Oxala.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) datuen arabera (Nekazaritzaren eta Elikaduraren Egoera, 2014), nekazaritza eta abeltzaintzako 570 milioi ustiategi daude munduan, eta horien artean 500 milioi familia-nekazaritzakoak dira, hots, famila bateko kideak dira horien langileak eta kudeatzaileak. 2.500 milioi lagunek lan egiten dute jarduera horretan, eta jarduera horrek munduko elikagaien % 80 hornitzen ditu, balioari dagokionez (Nekazaritzaren eta Elikaduraren Egoera, 2014). Gogoan izan hori, azoka edo supermerkatuko apal baten aurrean zaudeten bakoitzean. Krisiarekin agerian jarri denez, gure banakako eta taldeko ekintza da aldaketaren palanka; gure erabakiek familia-nekazarien ongizatea eta etorkizuna aldaraz ditzake zeren eta, koronabirusak eragindako krisialdiaren aurretik oso egoera larrian baitzeuden, eta, askotan, nekez ateratzen zioten errentagarritasun txikiena ere beren ekoizpenei.
Familia-nekazaritza nekazaritzako ekonomiaren eredu bat baino gehiago da, elikagaien ekoizpen jasangarriaren eta lurraldearen ingurumena kudeatzeko, munduko biodibertsitatea zaintzeko eta landa-inguruan aukerak sortzeko euskarritzat hartzen baita.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Familia Nekazaritzaren garrantzi estrategikoaz jabetuta, 2019-2028 denboraldia Familia Nekazaritzaren Hamarkada deklaratu zuen, A/RES/72/239 ebazpenaren bitartez. Hamarkadak bost kontinenteetako familia-nekazarien bizi-kalitatea hobetzea du xede, eta, horretarako, politika publikoak ezartzea sustatzen du, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen errazteko. Halaber, nekazaritzako kooperatibismoa eta asoziazionismoa sustatzea funtsezkoa izango da etorkizunean familia-nekazaritza garatu eta indartzeko. Abrobetxa eta balora dezagun familia-nekazaritzak Lurreko elikadura eta jasangarritasuna bermatzeko duen ahalmen itzela, horri lagun diezaiogun eta horretan konfiantza izan dezagun.

Familia Nekazaritzak munduari jaten ematen dio eta Lurra zaintzen du.