es eu

ISURI GUTXIAGOKO ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETARANTZ

Karbono-arrastoa % 15 murriztea helburu duen I+G+b Life Beef Carbon proiektuaren partaide gara.

I+G+b Life Beef Carbon delakoa proiektu europarra da eta, horri esker, behi-aziendaren haragia ekoiztearekin loturiko berotegi-efektuko gasen isurpena murriztu ahal izango da. Izan ere, mundu mailan 120.000 Tm CO2 aurreztea du helburu egitasmoak. Haragitarako behi-aziendaren ekoizle den Elkarte Nazionalak (Asoprovac) koordinatzen du Espainian proiektua, eta horretan, Lorra-ko eta Asoprovac-eko kide diren Fernández Terrerostarren ustiategi bizkaitarrak parte hartzen du.

Ekintza-planaren asmoa da haragitarako Europako behi-aziendaren lau herrialde ekoizle nagusietan –Frantzia, Italia, Irlanda eta Espainia– abeltzaintzan dihardutenek datozen hamar urteetan beren arrastoa % 15 murrizteko konpromisoa har dezatela. Proiektu horretan 2.000 abeletxe pilotuk parte hartzen dute, eta horietatik 120 Estatuan daude, hain zuzen ere, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Euskadin eta Extremaduran.

Proiektua honetan datza: lehenengo, abeletxearen ingurumen-diagnostikoa egiten da eta jardueraren gaineko datuak –instalazioak, abere-kopurua edo abereak elikatzeko erabiltzen den azalera, besteak beste– biltzen dira. Datu horien bitartez, ekoizleak bere ingurumen-adierazleak ebalua ditzake, hala nola, berotegi-efektuko gasen isurpena, airearen kalitatea edo uraren kalitatea. Halaber, ingurumenari egiten zaizkion ekarpen onak adierazten dira, esaterako, larreei esker biodibertsitatea iraunarazten dela edo karbonoa finkatzea, batez beste isurien % 30 konpentsatzen dutenak.

Bigarren fasean, 170 ustiategi berritzaile hautatuko dira, egungo jardunbideak hobetzeko, teknika berriak ebaluatzeko eta horien emaitzak neurtzeko, ondoren, gainerako ekoizleekin partekatu ahal izateko. Horietako teknika asko sektoreak barne hartu ditu jada, baina proiektuari esker ingurumen-inpaktua oro har hobetu ahal izango da, baita maila ekonomikoan eta sozialean ere.

WEB BeefCarbon Fernández Terrerostarren ustiategiak, Muskizen dagoenak, proiektu honen partaide egin gaitu. Abeltzainen leinuak historia luzea du, 1908. urtetik, lau belaunaldien zeharrekoa. Behi- eta txerri-aziendetako ustiategia du, eta horren osagarri, harategi bat, non produktuak saltzen dituzten. Online salmenta ere badute.

Jardueraren ondoriozko karbono-arrastoa murriztea eta ingurumen-inpaktua hobetzea ekarriko duten ekintzak egitea dute helburu. Proiektuaren jardunbide egokien artean, hauek aipa daitezke: abereen ongizatea bermatzea, artaldearen maneiua hobetzea, elikagaien hornikuntza % 100 naturala izatea, beste ekoizle batzuekiko lankidetza, gehienbat abeletxean bertan ekoiztutakoa erabiltzea, elikadura-ekarpenak doitzea, simaurrak egoki kudeatzea, ongarriak erostea saihestea, bazkaleku iraunkorren azalera iraunaraztea edo tarteko laborantzak ezartzea, besteak beste. Horiek burutu ostean, eredu izango dira beste ustiategi batzuentzat.

Karbono-arrastoa murrizteak atmosferara isurtzen diren CO2-aren isuriak murriztea dakar berekin. Industria-, enpresa- eta nekazaritza-eremuetatik eta norberearen eremutik neurri zehatzak hartu behar dira helburu hori lortzeko. Eta abeltzaintzako ustiategietan protokolo bat jarriatu beharra dago. Izan ere, abere-ekoizpeneko sistema berritzaileak eta behi-aziendaren abeletxeen ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna bermatzearekin loturiko jardunbideak sustatzeko asmoa du proiektuak. Karbonoarekiko kontzientzia europarra sortzea eta ekoizle-sare horretan profesionalen eta aholkularien arteko hartu-emana sustatzea da helburua. Era berean, ardi-aziendan Karbonoaren Ekintza Plan Nazionala garatu nahi da, baita Europako beste herrialde batzuetarako lankidetza-estrategia nabarmena ere.

Jardueraren hainbat esparrutan karbono-arrastoa murriztea premiazkoa da mundu guztian, eta gero eta ekimen gehiago sortzen ari da helburu hori lortzeko. Lorran bildutakook hainbat arlotan ari gara lanean toki- eta nazioarte-mailan lehen sektorean ingurumena hobetzea lortzearren.