es eu

LEHEN SEKTOREA, LANEAN ERNE ETA TINKO KONORABIRUSARI AURRE EGITEKO

Nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen egunotako egoera jaso dute hedabideek.

COVID-19aren pandemiak sortutako egoera berriak sektore guztiei eragiten die, nola edo hala. Bizkaiko baserritarrek, euren jarduera ezinbestekotzat jo denez, lanean jarraitzen dute ustiategietan koronabirusak eragindako krisia gorabehera. Lorran dihardugunok, egunotan herritarrak hornitzeko lanean erne eta tinko ari diren ekoizle guztiak aintzat hartu nahi izan ditugu. Komunikabideek horren berri eman dute eta gure baserritarrek pandemiaren aurrean duten egoeraz galdetu digute.

Radio Bilbao irratia euskal nekazaritzako elikagaien sektoreaz aritu zen, konfinamendua gure baserrietan nola bizi izaten ari den ezagutarazteko, eta elkarrizketa bat egin zion Lorrako kudeatzaile Martin Uriarteri, hornikuntzaren eta pandemiaren eraginaren gaineko iritzia eta ikuspegia eman zezan.
Estrategia Empresarial egunkarian egunotan lehen sektoreren garrantzia azpimarratu izana nabarmendu zen.

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, egungo egoeran lehen sektoreak herritarrentzako premia biziko produktuen eragile eta hornitzaile gisa duen garrantziaz ere mintzatu zen Martin, eta nekazaritzako elikagaien euskal sektorea modu esplizituan aintzat hartu izana eta gure produktuak orain inoiz baino gehiago defendatu beharra azpimarratu zituen Lorrak. Nekazaritzako lanetan pandemiarik edo jaiegunik ez dagoela komentatu zen, baita sektorea biztanleak hornitzeko egunez egun lanean ari dela ere. Elkarrizketa amaitzeko, egoera honetatik sektorea indartuta irteteko nahia adierazi zen.

Deia egunkariak Lorrako bi elkartekideren iritziak jaso ditu, eta nekazaritzako elikagaien euskal sektoreak pandemian duen egoerari buruzko erreportajea argitaratu du. Artikulu horretan, tabernak eta jatetxeak itxi ostean beste banaketa-modu batzuk –hala nola, atez ate ibiltzea, produktu-saskiak edo online saltzea– bilatu izan beharra jorratu da. Asier Madariagak osasun-krisian zehar produktuen online salmentaren goieneko unea berretsi du. Baserritarrak kontsumitzaileen etxera eramaten ditu saskiak.

Koronabirusak sortutako krisiak batez ere txikietan duela eragina adierazi da, ostalaritza itxi egin delako, eta sektoreak nekazaritzako produktuen hornidura bermatzen duela. Halaber, lehen sektoreak bere jarduerak COVID-19a iritsi aurretik bezala egiten dituela adierazi da, baina lanabesak garbitzeko eta pertsonen arteko harremana gutxitzeko protokoloaren arabera.

Asier Madariaga eta Sabin Aranbururen hitzen bitartez, barazki eta fruten ustiategi baten eta gazta-ekoiztegi baten egungo egoeratik ibilbidea egiten da. Gazta-ekoiztegiren titularrak dioena oso adierazgarria da: “Astean hamabi gazta saltzen ditut; lehen, ehun”.
Salmentak zorrozki jaitsi direla adierazi du Aranburuk, eta denbora gutxi barru, ez duela produktuak gordetzeko lekurik izango. Madariagak udako ereintzan dabilela dio, hots, tomateak, kuiatxoak eta piperrak ereiten. Berarengan ez du hainbeste eragin izan, zeren eta bere produktuak saltoki handietan banatzen dira kooperatiba baten bitartez. Salmentak jaitsi egin direla adierazi du, baina gutxiago ekoizten denez Euskadin ekoizten dena ondo saltzen dutela.

Lorran bildutakook Bizkaiko lehen sektoreak egunero egiten duen lana eskertzen dugu, baita aintzatespen esplizitua komunikabideetan zabaldu izana ere. Orain, krisialdia gainditzeko lanean jarraitu beharra dago, eta sektorearentzat eta gizartearentzat emaitzarik onenak lortu.